Arrisku taldeak: gogorrak eta ahulak

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Galtzadaren ondoan haurrak ikusiz gero, gidariak kontuz gidatu behar du. Euren itxura fisikoagatik eta distantziak eta objektuak antzemateko dituzten zailtasunengatik, haurrek eragozpenak dituzte trafikoarekin erlazionatutako egoerei aurre egiteko. Horrez gain, esan beharra dago ez direla gai arrisku-egoerak bereizteko, ezta arriskuak ekiditeko ekintzak burutzeko ere.

AHOLKUAK

Inguruan haurrak daudenean, kontu handiagoarekin gidatu behar dugu eta bat-batean galtzadara irten daitezkeela aurreikusi behar dugu.

Haurrak, txikiak direnez, ez dira erraz bereizten aparkatutako autoen artean eta edozein unetan horien artetik atera daitezke abisatu gabe.

Haur txikiek begiak tapatu eta ikusten ez dutenean, gainerakoek ere ikusten ez dituztela pentsatzen dute. Horrek oso arriskutsu bihurtzen ditu trafikoarekin erlazionatutako zenbait egoeratan.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Istripu-arriskua handiagoa da gidari-talde batzuentzat, besteak beste, neska-mutil gazte arduragabeentzat, ausartegi jokatzen baitute. Horrela gidatzearen helburua besteen aurrean norbera finkatzea da. Egoera psikologiko horri beste zenbait arrisku-elementu ere gehitzen zaizkio, adibidez, esperientzia-falta, alkohola edo behar bezala atseden hartu ez izana.

AHOLKUAK

Gidari gaztea egoera fisiko hobean dago eta gidatzeko erreflexu eta gaitasun hobeak ditu; baina aldeko egoera horrek ez dio askorako balio aurkako beste egoera batzuk ere badituela ohartzen ez bada, adibidez, esperientzia-falta edo arrisku-egoeretan sartzeko joera.

Orain dela gutxiko azterlanen arabera, gazteen %16ak ausartegi gidatzen du, azken batean norbera finkatzeko behar psikologikoaren eraginez.

Komeni da beti kontuan hartzea trafikoa dela oraindik ere Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen artean hildako gehien eragiten dituen arrazoia.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Bide publikoaren erabiltzaile guztietatik gehienak oinezkoak dira. Ahulenak ere badira, horien gorputza ez baitago inola babestuta. Gidariak kontuan izan behar du oinezkoa desabantaila-egoeran dagoela; oinezkoak, bestalde, portaera egokiak hartu behar ditu, batez ere kaleak gurutzatzean eta errepidean barrena doanean.

AHOLKUAK

Oinezkoa da trafikoarekin zerikusia duten pertsonen artetik ahulena. Ibilgailuen aurrean ia defentsarik gabe dago. Horregatik, beti fin jokatu behar dugu berarekin.

Estatistiken arabera, adinekoek jasaten dituzten trafiko-istripu gehienak oinez doazela autoren batek harrapatu dituelako gertatzen dira.

Oinezkoek ere badituzte zenbait betebehar. Adibidez, kalea horretarako adierazitako eremuetatik (hots, zebra-bideetatik) gurutzatu behar dituzte eta zorrotz errespetatu behar dituzte semaforoak.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Gidarien ehuneko hamarrak 60 urte baino gehiago ditu. Adineko gidari bat ez da gidari gaztea baino okerragoa, batez ere esperientzia hartu badu. Baina giza gorputzaren zahartzeak urritasunak sortzen ditu ibilgailua gidatzeko beharrezko gaitasunetan: ikusmen-zolitasuna murriztu egiten da; nekea gutxiago jasaten da; eta artikulazioak sorgortu egiten dira.

AHOLKUAK

Denborak aurrera egin ahala, gure organismoa pixkanaka-pixkanaka ahalmenak galtzen joaten da. Guztiok izan behar dugu kontuan prozesu hori seguru gidatu nahi izanez gero.

Artikulazioek malgutasun gutxiago dute eta, horregatik, adineko gidarientzat zailagoa da zenbait maniobra egitea, besteak beste, burua alde batera mugitzea bidegurutzeetan edo aurreratzerakoan ikusteko.

Adineko gidaria gidatzeaz nekatzen denean, bizkortasuna galdu duela nabarmentze badu, erraz haserretzen bada edo arnasestuka hasten bada egoera estresagarrietan, argi eta garbi pentsatu behar du merezi ote duen autoan ibiltzeak sortzen duen arriskua hartzeak.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Garraio publikoak hirian barrena mugitzen laguntzen digu eta trafikoa arintzen laguntzen du. Horregatik ditu beste ibilgailuek ezin erabil ditzaketen gelditzeko leku zabalak eta errei bereziak. Autobusaren ondoren goazenean, kontu handiagoz jokatu behar dugu: zirkulatzerakoan, autobusek biraketa-erradio zabala dute; eta geratuta daudenean, berriz, beren ondoan oinezkoak izan daitezke.

AHOLKUAK

Bidegurutze batean autobus batekin topo egiten dugunean, kontuan izan behar dugu ibilgailu-mota horrek biratzeko leku asko behar duela. Maniobrak errazte aldera, espazio nahikoa utzi behar diogu.

Garraio kolektiboa da hirietako trafikoa arintzeko modurik onena. Horregatik, ahalik eta erraztasun gehien eman behar zaizkio. Horren ildotik, autobus eta taxientzako errei espezifikoak jarri dira.

Garraio publikoa da hirian barrena mugitzeko modurik egokiena. Gure autoa aparkatu eta autobusa erabiltzen badugu, gure bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dugu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Gazte askorentzat, ibilgailua ihesbidea eta sentsazio berriak bilatzeko tresna da. Baina baliabide ekonomiko mugatuekin eskuratu ditzaketen ibilgailuak zaharrak izan ohi dira eta ez daude behar bezala mantenduta; horregatik, ez dira egokiak gidari gisa balio dutena erakusteko. Gainera, gidatzen duten esperientzia oraindik eskasa da.

AHOLKUAK

Gazte askorentzat autoa eguneko ohikeriatik ihes egiteko modua da. Norbere autoa izatea independentziaren sinboloa da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar zirkulazio-istripuetan hiltzen direla gazte gehien.

Gazteek ez dute diru asko ibilgailu berriak eskuratzeko edo funtsezko konponketak egiteko. Horri modu oldarkorrean gidatzen dutela gehitzen badiogu, istripua gertatzeko arriskua gehitu egiten dela ikus dezakegu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Debekatuta ez dagoen arren, gidatzen den bitartean erretzea ez da batere gomendagarria, jarduera kaltegarri horrek hainbat arrisku baitakartza. Gainera, tabakoak eta horren ziozko keak gure erreflexuetan edo gidatzeko gaitasunean eraginik izan dezaketen substantziak dituzte.

AHOLKUAK

Ez erre gidatzen zoazenean. Zigarroa pizteak edo itzaltzeak arreta galtzea eragin dezake; are gehiago, errautsa gainera eror dakiguke eta egoera konplexua sortu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Egunero, mila eta milaka pertsona joaten dira eskoletara. Desplazamendu horietan ere trafiko-arrisku ugari dago, eta, beraz, beharrezkoa da neurriak hartzea. Oinez joanez gero, haurrak ondo ezagutu behar du bidea, heldu batekin joan arren. Ostera, eskola-autobusean badoa, kontuz igo eta jaitsi behar ditu ibilgailuko eskailerak.

AHOLKUAK

Euskal Herrian, egunero 75.000 haur joaten dira eskolara. Desplazamendu horiek sor ditzaketen arriskuak murrizteko, garraio horretan diharduten ibilgailuek eta gidariek askoz ere baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte gainerakoek baino. Errepidean bertan egiten diren aldian behingo ikuskapenak, nekagarriak eta motelak izan arren, segurtasuna bermatzeko modurik egokiena dira.

Autobusean, haurrek nahitaez eserita joan behar dute. Gomendagarria da (eta, batzuetan, baita nahitaezkoa ere) laguntzaile heldu bat bertan izatea, bidaian zehar haurrez ardura dadin.

Eskola-urte berria hasten denean, haurrekin batera eskolaraino edo autobus-geltokiraino dagoen bidea aztertzea eta, besteak beste, gune arriskutsuak adieraztea. Bidea eurekin ere egin ahal izango da behin baino gehiagotan, behar izanez gero.

Haurrak autobusetik jaisten direneko unea oso arriskutsua izaten da. Ahalegin berezia egin behar da kalea autobusaren ondotik gurutza ez dezaten, autobusak beste ibilgailu batzuk ez ikustea eragin baitezake.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Eskola, parke edo dena delakoaren inguruetan zirkulatzen bada, gidariak kontuz gidatu behar du, haurren bat galtzadara ustekabean ager baitaiteke.

AHOLKUAK

Eskolaren batetik gertu zirkulatzen badugu, astiroago joan behar dugu eta zuhurrago jokatu. Adibidez, galtzadara baloia irten dela ikusten badugu, berehala astiroago joango gara, ziurrenik haurren bat agertuko baitzaigu baloiaren atzetik korrika.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Istripuen %90 giza akatsen ondorioz gertatzen dira, funtsean gidariei dagozkienak. Hala ere, batzuetan, autoan berarekin doazenek ere arreta galaraz diezaiokete gidariari.

AHOLKUAK

Autoan gidariarekin batera doazenek jarrera positiboa eta lankidetzakoa izan behar dute; hala, beraz, honakoak egin ditzakete bidaiaren segurtasuna hobetzen laguntzeko: gidariarekin berriketan lasai-lasai aritzea; haurrak ondo portatzen direla bermatzea; eta aholkuren bat ematea trafikoko gorabeheraren baten aurrean, e.a.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Hezkuntzak eta gizartean bizi garela jakiteak portaera egokiak hartzera eraman beharko gintuzke, baita trafikoari dagokionez ere. Hala ere, indarkeriazko jarrerak gero eta arruntagoak dira gidarien artean. Adina, sexua, aldartea eta ibilgailu-mota, beste zenbait faktorerekin batera, dira jarrera horien eragileak; jarrera horiek, larriak badira, Zigor Kodean jasota egon daitezke.

AHOLKUAK

Gidari asko urduri jartzen dira gidatzen hasi bezain laster. Autoak nolabaiteko zigorgabetasuna ematen die, isolatu egiten baititu eta, istripuren bat izanez gero, azkar ihes egin baitezakete.

Batzuetan, beste gidari batzuek egingo luketena imajinatzen dugu eta, hori oinarri gisa hartuta, gogor erantzuten dugu (itsuskeria egin nahi zidalako aurreratu nau!).

Gure heziketak eta gizartean bizi garela jakiteak portaera egokiko jarraibideak ezarri beharko lizkiguke, bai trafikoan bai beste jarduera batzuetan.